BIDANIA-GOIAZTIK MILA ESKER!!!


Helmugara iritsi aurreko egunak oso bereziak izan ziren Bidania-Goiaztarrontzat. Urte bateko iraupena izan zuen ibilbidea izan zen, ez zen guztiz laua izan, bere gorabeherak izan zituen. Hala eta guztiz ere, ibilbide guztiko biziraupen eta momentuekin gogotsu gentozen helmugara, amaierako zinta gogotsu zeharkatzeko esperantzaz.

2014ko ekainaren 8an iritsi ginen helmugara. Egun horretan ospatu genuen XXVII.  Gipuzkoako Eskola Txikien Festa. Biraka! abestiarekin egun horretarako gonbidapenak lau haizeetara zabaltzen ibili izan ginen, eta gure gonbidapenari erantzunez, asko eta asko izan zineten gure herrira gerturatu zinetenak. Eguraldia lagun, amets onenetan bezala, guztiok batera egun zoragarri bat pasatzeko aukera izan genuen.

Urte guztian zehar, zorionez, ibilbide horretan bidelagun asko izan ditugu. Denon laguntza eta elkarlanarekin ibilbidea askoz ere errazagoa izan da. Azpimarratzekoa gainera, belaunaldi ezberdinenetako bidelagunak izan ditugula eta herri txikien biziraupenean ere horrek zeresan handia daukala.

Eskola Txikiak bizirik daudela ospatzearekin batera, festa hau, Gipuzkoako herri txikiak ezagutzeko bidea ere izan daitekeela esan daiteke. 26 urtez  Gipuzkoako Herri Txikietatik pasatu ondoren, aurten sorterrira, Bidania-Goiatzera, itzuli da eta gure herriko txokoak hobeto ezagutzeko aukera eman da. Ziklo baten amaiera eman eta bigarrenari gogor bultzatuz hasi ere.

Amaitzeko, gure abestiaren hitz batzuk hartu nahiko genituzke, “BIRAKA! Jarraituz eskola txikien alde!”. 26 urte hauetan bezala, gure gurpilak aurrerantz jarraitu behar du eta horretarako Bidania-Goiaztik gure bultzada ematen diogu. Urte honetan garbi geratu zaigu, elkarlanari eta kooperazioari esker dena dela posible. Beraz, aurten hasi dugun bigarren buelta honek ere bira osoa eman diezaiola, gu hirugarrenaren zain geratzen baikara.

 

MILA ESKER EKAINAREN 8AN BIDANIA-GOIATZERA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!
ETA NOLA EZ, URTE GUZTIKO IBILBIDE GUZTIAN ZEHAR BIDELAGUN IZAN ZAITUZTEGUNOI!

 

BIDANIA-GOIAZKO ANTOLAKUNTZA
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina